
Datorren lau urteetan zu alkate...
Arraroa egiten zait, orain dela hilabete esan balidate broma zela pentsatuko nuke baina behin egoera honetan egonda buruan daukadana dudan onena ematea da.
Lantaldea ere garrantzitsua izaten da. Zer moduzkoa ikusten duzu?
Ez daukat aitzakiarik, lan taldea ona da, gaztea, konfidantzakoa eta gogotsu gaude gainera.
Areson lau urte hauetan egiteko helburu bat?
Bat baino gehiago dauzkagu. Orokorrean bizitzeko herri atseginagoa eta hobea lortu nahi dugu.
Zer zailtasun ikusten dituzu?
Bi zailtasun nagusi; batetik krisia dela eta, dirulaguntza eta inbertsioak lortzea zaildu egingo dela, eta bestetik, hasieran erritmoa hartu arte asko ikasi beharra daukagula. Zorionez, gogorik ez zaigu falta, ezta esperientzia duen kiderik ere.
Aresok duen gauza on eta txar bat?
Ezaugarririk onena eta txarrena bere txikitasuna da. Ona da denok elkar ezagutzen dugulako eta denak sentitzen garelako herriaren parte eta arduradun. Ez da hain ona behar diren zerbitzu asko ez daudelako herrian.
Denbora librean, zer atsegin duzu egitea?
Egin ditzakedanak baina gauza gehiago! Batez ere mendia, lagunekin egotea, bidaiatzea, irakurtzea...
Igotzea gustatuko litzaizukeen mendi bat?
Igotzen dudan mendi bakoitzeko gero eta gehiago ohartzen naiz asko daudela igotzeke, etxetik hurbil Balerdi igotzekoa daukat. Bestela, Alpeetan lau milakoren bat igo nahi nuke, baina zerrenda amaitezina da.
Berriz bisitatuko zenukeen leku bat?
Toki bakoitzean badaukat itzultzeko arrazoiren bat, eta aukeratu beharko banu Errusia edo India. Baina nahiago dut bisitatu gabekoetara joan.
Liburu bat?
Asko dira. Unearen arabera bat edo beste. Asko gustatu zaizkit Bertold Brecht, Sarrionandia, Amin Malouf eta Gabriel Garcia Marquezen liburuak.
Parrandarako herri bat?
Tokia baino garrantzitsuagoa da konpainia eta aldarte ona.
Amets bat?
Nire buruari hutsik egin gabe bizitzeko gai izatea.














